Artikuluak
Baztandarren Biltzarra
“Karrozak eta musika”, “baserritarrez beztitzen gara”, “besta, besta eta besta”, baztandar guzien besta”, “aitatxok karroza egiten du lagunekin”... halaxe erantzun ziguten ttikienek iaz, Baztandarren Biltzarra zer zen galdetu genienean. Eta ez zebiltzan makur, neurri batean hitz horiek ezin hobeki deskribatzen baitute Santio antzineko igendean ospatzen den besta eder hau. Eta “neurri batean” diogu, Baztandarren Biltzarra ez baita egun bakarraren antolakuntzara mugatzen; Euskara ardatz harturik, elkarte honek urte guzian lanean dihardu euskarazko ekintza kulturalak antolatuz eta ahal den heinean, horiek antolatzen dituzten bertze entitate kulturalei laguntza emanez.
Bai, Baztandarren Biltzarra besta haundia da, han eta hemen izen haundia lortu duena, eta baztandarrek nahiz kanpotik datozen bisitariek urte guzian gogo handiz espero dutena. Baina honen gibelean, pentsatzekoa denez, lana dago, borondate hutsez eta ilusio handiz urtarriletik abendu bitarte antolakuntzan diharduen baztandar talde baten lana. Gorabehera aunitzeri aurre egin behar izaten diogu eta zenbaitetan, urduritasun aunitzeko uneak bizitzen ditugu, baina zalantzarik gabe, ez genuke honetan segiko jasotakoa emandakoa baino gehiago izanen ez balitz.
Hortaz, gure taldera, Baztandarren Biltzarraren orgara, igotzeko gonbitea zabaltzen dizuegu. Nahi duzuenerako…. ONGI ETORRIAK ZARETE!